Euskaraz

Federalismoaren aldeko manifestua

Beraien boterea handitzeko ezberdintasuna sakontzen ahalegintzen diren horien joan-etorri suntsitzaileak denbora gehiegi darama federalisten ahotsak isilarazten.

Nazionalismo espainiarra eta katalana, bata bestea zirikatzen, ika-mikan mantentzen dituen liskar zurrunbiloa handituz doala, azpimarratu nahi dugu hemen federalismoaren aldeko mugimendu indartsu bat abian jartzeko prest gaudela, gure irrika egitasmo komun bat eraikitzea baita.

Horregatik guztiagatik, kontuan hartu beharra dago Espainia herrialde anitza dela eta, halaber, Espainiak biltzen dituen hizkuntza eta kultura guztiak bere idiosinkrasiarekin lotura dutela. Honela, kultura eta hizkuntza aniztasuna ez da mehatxutzat hartu behar, aitzitik, faktore aberasgarri bat bezala konplexurik gabe defendatu behar da, aniztasunek barne hartzen duten lurralde-eremua alde batera utzita, ondare komunean sartzen direlako.

Gure ustez 1978ko Konstituzioak ezarri zuen lurralde-ereduak emaitza aipagarriak eman ditu, Espainiako herri ezberdinen aniztasuna proiektu bateratu berdinaren barruan integratzea ahalbidetu duelako. Hala ere, iruditzen zaigu ahaztu ezin diren funtsezko hainbat arazo daudela eta arazo horiei aurre egin behar zaiela. Arazo hauetako batzuk sektore politiko eta euren komunikabideetako korifeo jakin batzuek, euren ikuspegi homogeneora egokitzen ez den guztiaren aurka, Estatua berdintzeko eta berriro zentralizatzeko egin dituzten ahaleginen ondorioz sortu dira. Ildo horretan, ez da gutxiagorako Kataluniako Autonomia Estatutuaren inguruan Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren ondoren sortu den egoera, edota Katalunia finantzatzeko gaitasunari dagokionez piztu den eztabaida.

Azken hiru hamarkadetako esperientzia demokratikoak eman digun heldutasunaren ikuspegitik, sinesten dugu federalismoak proposatutako eztabaidak argitzeko irtenbideak ekarriko dituela eta, batik bat, une honetarako eta etorkizunerako irtenbideak aurkitzeko modua eskaintzen duela.

Manifestu hau izenpetzen dugun pertsonentzat, federalismoa, lehenik, gizartearen antolakuntza printzipio bat da. Hortik Estatua ikuspuntu politiko eta administratibotik antolatzeko modu jakin bat eratorri daiteke, baina federalismoaren ideiaren irismena askoz handiagoa da.

Federalismoaren ideiaren muinean aniztasunetik berdinak diren herritarren arteko itunaren kontzeptua aurkitzen da, lankidetza gune komunak eraiki ahal izateko. Federalismoaren funtsean itunaren izaera dinamikoa eta errealitate aldakorretara egokitzeko ahalmena daude, ez baita konstruktu intelektual bat, baizik eta benetan existitzen den itun bat, pertsona bakoitzak besteekin egiten duen ituna, belaunaldi bakoitzak bere gizartea eraikitzeko egiten duen ituna.

Federalismoarentzat, legitimitate politikoaren iturria giza arrazoimena eta askatasunez adierazitako borondatea dira eta botere politikoa partikularretik orokorrera banatzen eta hedatzen da. Ondorioz, beste pertsonekin espazio komun bat eraikitzeko bere askatasunaren zati bat lagatzen duen pertsonak edo erakundeak lagatzen duena baino askatasun gehiago mantentzen du eta horrela ezartzen den asoziazio askearengatik soilik onartzen dira heteronomia eta honen betebeharrak.

Elkarrenganako errespetua, konfiantza, negoziazioa eta oreka federalismoaren funtsa dira, borondate komunaren eraketan bete-betean parte hartzeko ideiarekin batera.

Federalismoa berez bateraezina da mendekotasunarekin eta hierarkiarekin. Horizontala da eta boterearen banaketa, koordinazioa eta lankidetza ekartzen ditu, horregatik esaten dugu federalismoaren ideiak demokrazia erradikal baten hartzigarria barne hartzen duela.

Modu horretan eraiki nahi dugu federalistok gizartea eta uste dugu Estatu bat modu horretan ere eraiki behar dela. Hain zuzen, Espainiako, Europako eta munduko herriontzat federalismoa etorkizuneko aukera dela sinesten dugu.

Ez gatoz bat Estatu bakoitzari nazio bakarra dagokiola defendatzen duen tesiarekin, ez eta nazio bakoitzari Estatu bat dagokiola esaten duenarekin ere, herriak Estatu plurinazionaletan federatu behar direla defendatzen dugu. Federalismoak, beraz, ez du identitate nazionalen, euren adierazpenen izugarrizko konplexutasunean, garrantzia ukatzen ez saihesten, aitzina, elkartasuna askatasun osoa oinarri hartuta eraikitzeko borondate politikoan zimendatzen denez, konplexua eta sendoa den eraikuntza politiko batean identitate horiek egoki sartzea ahalbidetzen eta errazten du.

Estatu espainiarrak, azken batean, bere izaera nazio eta hizkuntza anitzekoa dela guztiz onartu behar du, gertaera nazionalen garrantzia argi eta garbi aitortu eta desberdintasunetik, gizarte komuna eraikitzeko egiten diren ekarpenak ukatzen ez dituen, baizik eta hain zuzen ere xurgatzen dituen gizarte zibil batean aniztasunaren giltzadura ahalbidetzen eta sustatzen duen Estatu federal bat lortzeko bilakaera osoa gauzatu behar du.

Gogorarazten dugu berdintasuna ez dela uniformetasunarekin nahasi behar eta berariazkotasun nazionalen onarpena ez dela eragozpen bat federazioko herritar guztien berdintasuna bermatzeko, legeek ematen dizkieten eskubideak baliatzeko orduan.

Gure iritziz, Espainia Estatu guztiz federala bilakatzeko, beharrezkoa da Konstituzioa erreformatzea, herritarren artean adostasun demokratiko berri bat ezartzeko aukera lortu ahal izateko. Erreforma honetan, Estatu federatuen autogobernua Estatu federaleko gobernu partekatuarekin eta honen borondatea eratzeko partaidetzarekin giltzatu behar dira. Senatua erreformatu behar da benetan lurraldeen ordezkaritza ganbera izan dadin, botereen egiazko banaketa federala lortu behar da, botere judizialaren eta justizia administrazioaren zeregina berraztertu eta lankidetza zein partaidetzarako hierarkikoak ez diren mekanismoak ezarri behar dira. Hala ere, zerrendapen labur honek ez du erreforma programa agortzen; gaitasun, gardentasun, baterako erantzukizun, ekitate eta justizia printzipioetan oinarritzen den zerga itun baterako bidea ematen duen federalismo fiskal bat ezarri behar da eta.

Uste dugu Konstituzioaren erreformak logika demokratikoan sakontzeko aukera bat ere izan behar duela, jasaten dugun krisi ekonomikoaren amaiera gisa bizi dugun erakunde eta ordezkaritza krisiaren adierazgarri, gizarte eremu ezberdinetatik, azken bi urteotan indar bereziarekin, proposatu diren kontu askori erantzuteko.

Gure iritziz, erreforma honek demokraziaren gizarte programa lehen mailan kokatzeko eta erreforma betetzen dela bermatzeko balio behar du ere. Ez da posible ez subiranotasun ez betetasun nazionala lortzea herritarrek ezin badituzte euren bizitza proiektuak askatasunez, autonomiaz eta duintasunez gauzatu, gure garaian sendotzen ari den galera materialak eta botere politikoaren galerak aurrera egiten badu. Ez badugu berdintasun, askatasun eta elkartasun handiena lortzeko aurrera egiten, demokrazia bera ezagutezina bihurtzen da hala den neurrian.

Erreforma hau demokrazia oso eta aurreratu bat finkatzeko aukera dela uste dugu, herritar gehienek proiektu partekatu batean berriro sinetsi dezaten, bai eta eraiki nahi dugun federazioa osatuko duten pertsona eta herri guztien askatasunaren onarpen osoa eta ongizate komuna lortzeko ere.

Ideia hauekin ados dauden pertsona guztiak manifestu hau sinatzera eta federalismoaren nahiz sakontze demokratikoaren aldeko mugimendu zabal bat martxan jartzeko elkar hartzera gonbidatzen ditugu.